2007/10/31

HITZAURRE MODURA

Arrasate Institutua. Eskola publikoa. 2008-2009. ikasturterako egitasmoa. Ikasgaia: etika; taldeak: Batxilergoko 1. kurtsoa. Ikasleak: DBHko 4. kurtsoa gaindituz gero, 16 urte dituzten gazteak. Ikasgai eta kurtso honetan esperimentu etiko, periodistiko eta artistiko bat egitea proposatu dugu, 2004-2005ean egin genuen liburuaren antzekoa: Etik@ren harian: hiztegi bat. (Irudian, 2006ko irailaren 29an Arrasateko Elkar liburudendan egindako aurkezpena.)
Hiztegia hausnarrean egiteko tresna:
Gure asmoa ikasle adina jakingaietan sakontzea da, tresna berri eta zaharrak erabilita. Eta gaiak ikertu, landu eta idazterakoan, emaitzak hiztegi edo entziklopedia tankerako blog batean bildu eta argitaratuko ditugu. Hiztegi eta entziklopediak garai bateko jakinduria biltzeko erabili dira, batez ere, irakurtzea kultur iraultzaren oinarria zen garaian. Gogoratu, esaterako, Voltaire pentsalariak izkiriatu zuen Dictionnaire philosophique hiztegia. Hala ere, "irudiaren garai" honetan, joan den hamarkadan zehazki, Planeta argitaletxeak hainbat idazleren hiztegiak plazaratu zituen. Guk, adibidez, Javier Sádabaren Etikaren hiztegia hartuko dugu eredutzat. Eta eredu horri jarraiki burutuko dituzte ikasleek euren sarrerak, eta sarearen bidez plazaratu ostean, baliteke ekarpen batzuk Wikipedian argitaratzea edo paperera ekartzea, inprimatzea. Baina bigarren urrats hori lanaren kalitate, exijentzia eta diru-laguntzaren arabera egin ahal izango dugu.
Ikasle beste gai jorratzea:

Ikasleek gai bana aukeratuko dute. Eta kurtsoan zehar, bigarren hiruhilekotik hasita, lan-eskema bana osatu eta aberastuko dute. Hirugarren hiruhilekoan, hiztegiko sarrerak burutuko dituzte, gai baten zein besteren inguruan dauden pentsaera kontrajarriak eta iritzi pertsonalak landuta. Horretan, hizkuntza ikasgaietan ohikoak diren azalpen- eta argudio-testuen tipologia izango dute lagungarri. Argudiobidea jorratzea baita jokabide etikoena; azken finean, gaizkia egiteko gure ahalmenarekin batera -Ramón Sibiuda, Tratado del amor de las criaturas-, argudiatzea da gizakumeok aske bihurtzen gaituen ezaugarri sustraizkoa. Beharrezkoa da, beraz, ikasleengan gaitasun hori bilakatuko bada, etika, filosofia, herritartasuna eta hizkuntzen arloko ikasgaiak harremanetan jartzea eta nolabaiteko zeharkakotasuna sortzea. Horixe izango da gure helburuetako bat. 
Hitzaldiak, adituekin harremanetan:
Kurtsoaren amaiera arte luzatuko den prozesu honi lotuta, sei hitzaldi gertatuko dira, otsailetik maiatzera, sei gaitan adituak diren hizlariak ikastetxera gonbidatuko direlarik. Mahai-inguruetan landuko diren gaiak ikasleei egokitutako multzotik aukeratuko dira. Horrela, sei ikasleek aurkeztuko dituzte adituak eta hitzaldiak, eta moderatuko dute amaierako eztabaida. Aldez aurretik, hizlariekin harremanetan jarri eta adostu beharreko guztiak zehaztuko dituzte, emailez edo telefonoz, mahai-ingurua paratu ahal izateko. Saio horietara, jakina, batxilergoko ikaskideei gonbidatuko zaie. Hitzaldien artxiboa osatzeko eta bitakora bitarte entzun eta ikusi ahal izateko, euskarri digitalean grabatuko dira (audioa eta bideoa). 
Hiztegia, bitakora eta IKTak:

Gure lehen helburua: egun, errealitatean zein hedabideetan “protagonismoa” duten gaiak, eztabaidagaiak, jorratzea da. Asmo horrekin, DBHko 4. eta Batxilergoko 1. kurtsoetako ikasleek astero dituzten etikako orduetatik bat erabiliko dugu proiektu honetarako, eta filosofian, hamabostero ordubete. Arestian esan bezala, hiztegi-sarrerak analisi-, arrazoitze-, azalpen- eta argudio-teknikak erabiliz lantzea da bigarren helburua eta blog tematikoan argitaratzea, hirugarrena.Proiektu honetan, laugarren helburua eskola eta i(ra)kaslea gizarte komunikatzaile eta eragile bihurtzea da, kultur eta heziketa lanetan egile eta mintzaide. Egitasmoan, lagungarri iruditzen zaizkigu oso informazio eta komunikazio teknologiak (IKT), izan ere gure harremanak, ikerketak eta lanaren emaitzak, neurri handi batean, baliabide horiei esker bilakatuko ditugulako (webguneak, emaila, bitakorak, podcastak, bideoak). Baliabide horietan eta online eskaintzen diren zerbitzuetan (entziklopedia, hiztegi eta itzulpenenerako tresnak, besteak beste) janztea bosgarren helburu praktikoa izango da.