2007/11/03

PROIEKTU GARAPENA: 3

Hiztegiaren eraikitze-aldiak:

Lehen hiruhilekoa.
1. Kurtso hasieratik hiruhileko honen amaiera arte, "Etik@ren harian: hiztegi bat" liburuko sarrerak lantzeko irakurle taldeak osatuko dira gelan. Irakurle mahaiak izango dira. Helburua: testuen ulermena lantzea. Talde bakoitzean lau ikasle egongo dira eta beste hainbeste gai aztertuko dituzte hiztegitik. Erabiliko duten lan teknika elkarrekiko ikaskuntza deitutakoa izango da. Mahaikide bakoitzak, txandaka, paper edo funtzio ezberdina beteko du irakurketa-ariketa saioetan: testua irakurri eta laburtu, galderak asmatu, erantzunak eman eta testuaren jarraipena aurreikusi. Hiruhilekoaren amaieran, ikasleak taldean ikusitako gai bati edo besteri buruzko froga egingo du, eta prozedurazko beste bat, irakasleak aukeratutako beste testu baten inguruan: laburpena eta egituraren azalpena. Hiruhileko honen amaieran, blogean lantzeko gaien hautapena egingo da. Eta hiztegiko sarrerak idaztea den aplikazio lanerako, hiruko (3) ikasle taldeak iruditzen zaizkigu egokienak.

2. Talde kooperatibo batek ikasleen ezaugarri berariazkoak kontuan izan behar ditu (partaideen arteko heterogeneotasuna sortzaile edo eraikitzaile izatekotan). Baina kurtso hasieran ikasleak ezagutzen ez ditugunez, beraien arteko harremanak onartzera mugatuko gara, taldeen genero aniztasuna zainduz bakarrik.

3. Hiztegia idaztearen proposamena azaldu ostean, taldeak osatuko dira. Hiru ikaskidetako talde horiei idazle mahaiak deituko diegu. Gaien hautapena egin eta ikasleek gai banaren gainean hasierako eskema burutuko dute, ideia jasa erako ariketa eginez. Lan horretan elkarreragina bultzatuko da, idazle mahaietako ikaskideek elkarri lagundu diezaioten. Ondoren, gaia aukeratzeko arrazoien azalpena eta lehenbiziko erredakzioa egingo du ikasleak, bakarka.

4. Informazio bilketa hedabideetan, sarean eta liburutegian egingo da. Irakurketa eta azterketa aldia, beraz. Horretarako, ardatz bitakora honek esteka ezberdinez lagunduko du ikasleen lana, proposamenak eginez, eta bertan ematen dituen zerbitzuak ezagutu eta haien erabilpenaz jabetzeko abagune eman ere. Itzulpena ere proiektu honen beste helburu bat da, hizkuntzen arteko harreman eta korrespondentziaz gain, gaien ulermenean sakontze urratsak ahalbidetzen dituelako: bi hizkuntza lantzearekin batera, gaiaren sakontzea.

Bigarren hiruhilekoa.
5. Hiruhileko honetan, hitzaldiak antolatuko dira. Adostu egingo da artikuluak izango duen egitura eta argudio testu erara planteatu: testu planifikazioa, argudiatzearen egituraketa eta idazketa, eta gaien inplikazioak landuko dira, eztabaida etiko zein moralaren ikuspegitik ("La escritura en la enseñanza secundaria", Grao, 2006).

Ikasleen artikuluak irakurle taldeetan behin eta berriro landu duten egituran oinarrituko dira. Eskema hori hiztegiko zenbait sarreren azterketa egin ostean burutu eta adostu ahal izango dugu. Eskema landu eta artikulua idaztea ordenagailu bidez egingo da (gela digitalean ahal bada).

6. Argudio testuaren egitura erabiliz, lehenengo ekarpena hiruhileko honen amaiera aldera aurkeztuko da. Irakaslea taldekideekin bildu eta testuak lankidetzan irakurtzea eta behar dituzten aldaketak egitea proposatuko du. Zenbait gairen bilakaeran, ikasleek kanpotik etorritako aditu edo eragileen laguntza izango dute.

Hirugarren hiruhilekoa.
7. Artikuluei bukaera emango zaie eta azken ukitua. Irudien bilaketa eta hautaketa (sarreran txertatzeko) egiteaz bat, biblio-filmografia bilduko du ikasle bakoitzak (erabilitako iturrien identifikazioa) eta, azkenik, sarrerak ebaluatu egingo dira (azken ebaluazioa).

Lanaren ebaluazioa. Ebaluazio hezitzaile eta osatzailea:
Hiru unetan egingo da, baina etengabe erakoa izango da prozesuaren bilakaeran. Arestian esana dugun bezala, hiru hiruhilekoetan ikasleek burutua dutena aurkeztuko dute; eta hiruko talde kooperatiboa bilduta, bitakoran gordeta dauden lanaren pauso guztiak eta hiztegi-sarreraren behin betiko bertsioa erakutsi:

1. Hiru ekarpen idatzi erakutsi beharko dute ikasleek. Artikuluez gain, lan prozedura egokiaz baliatzea (karpetak, fitxak, irudiak, eskemak…) ebaluatuko da talde kooperatibo bakoitzean. Gainera, lanaren ahozko defentsa bat egingo dute talde txikian. Taldekideen artean izandako harremana eta lanean elkarren artean izandako eragina (zuzenketak, kritikak…) ere baloratuko da.

2. Azken ekarpenaren ebaluazioa argudio testua zuzentzeko tresnaren arabera egingo da (ikasleak une orotan izango du tresna horren berri, hor baitaude adierazita minimoak). Ebaluazioan, lanaren koherentzia eta egituraren ingurukoak aztertuko dira, arau ortografikoak eta txukuntasuna. Sarrera ebaluatzeaz gain, kurtso osoan zeharreko ekintza edo sarbide bereziak baloratuko dira: bost atari izenekoak. Ebaluaziorako, ikasleek blogean itsatsita aurkeztu beharko dituzte: bidaia baten narrazioa, elkarrizketa baten podcasta, film baten azterketa eta iruzkina eta liburu baten koadro sinoptikoa eta iruzkina (kurtso hasieratik ezagutuko dituzte testuera ezberdinak gauzatzeko tresnak). Talde batzuetan, bideo baten editapena aurkeztu beharko dute (hain zuzen, egin diren elkarrizketen zatiez osatua).

3. Azkenik, talde kooperatiboek ikaskideen aurrean egingo dute lanaren ahozko defentsa. Taldekideek elkarri eta irakasleari egindakoez gain, oraingoan gelako ikasleriaren aurrean azalduko dituzte euren lanaren emaitzak: esperientzia mota, sarreraren ideia nagusiak, erabilitako bibliografia, norbere ikuspegiaren aldaketa, etab.

2007/11/01

PROIEKTU GARAPENA: 2


Hiztegiaren eraikitze-aldiak:


Ikasturte osoan zehar.

Gure dinamikak bost (5) atari edo sarbide berezi izango ditu. Hiztegiko gaietan sakontzearekin batera, gizarte eta kultur errealitatea bertatik ezagutzea da ekintza hauen helburua, eskolaz kanpoko munduaren konplexutasunaz jabetzeko ahalegina, alegia. Gaiekin zerikusia izango duten bost ekintza izango dira, ikasle guztiek aurrera eramango dutenak: bidaia bat egitea, elkarrizketa bat lantzea, film bat ikustea, hitzaldi bat antolatzea eta liburu bat irakurtzea.

Froga hauek beharrezkoak izango dira hiztegi birtualaren eraikipenean eta kontuan hartuko dira hiztegi-sarreren kalitatea ebaluatzeko orduan. Era honetan, gai hauexetatik abiatuta, ekintza eta eztabaida publikoan inplikatuta dauden gizarte mugimendu eta eragileekin harremanetan jartzeko aukera egongo da. Gizarte zibileko plataforma, behatoki, pentsalari edo profesional hauek, euren iritzia emateaz gain, sarritan euren bizitza osoa itxuratu eta egituratu duten gaiekiko atxikitasunaren berri emango diete ikasleei, hitz gutxitan esateko, euren bizi esperientzia eta jakituriarena.

Honelako harremanak eragin nabarmenekoak ditugu, gogorapen ezabaezina uzten duten izaerakoak. Alde batetik, ikasle eta irakasle artekoa ikaskuntza komunitate baten barruan bilakatzen da. Gela esparru bat da, baina ez bakarra, eskolatze tradizionalean bezala. IKTen bidezko ikaslearen autokudeaketa eta eskolaz kanpo izandako bizipenen kontakizun eta transmisioak, eztabaida eta trukaketak, eduki eta lan tekniken aurreko saiakerak, gertakizun hauek guztiek heldutasun-eredu berrian hezteko aukera ematen dute ikastetxean, eta, aldi berean, kultur eta gizarte ekintzen prestaketan esperientzia jasotzekoa ere.

Beste alde batetik, eskolatik gizartera egindako murgilketak jakingaiak eta arazoak gertuago sentitzeko bide gerta daitezke. Neurri batean, J. Woodek pedagogiara ekarritako kontzeptua, sinesgarritasuna, gauzatu nahi da jarduera hauen bitartez. Hau da, eskolako proiektuak eta kanpoan, gizarte zabalean, egiten diren egitasmoak eta eztabaida publikoak elkarrekin jarri. Santi Ugartek, Etik@ren harian: hiztegi bat liburu aurrekarian esaten zuen legez, etika bera da gaia. Beste testuinguruetan etikaren printzipio abstraktuaz aritzea antzua bada, areago eredu magistral zurrunean eroriz gero. Arazo etiko edo moralak gizartearen baitan ematen dira eta gizarte barruan ere ematen dira jarrerak eta sinesmen etikoak edo moralak. Gizarte ikuspuntu honetatik abiatuko dira ikasleen hausnarketak, lainoetan ibili barik. Proiektu honek bideratu nahi dituen hausnarketak hezkuntzaren helburu nagusietako batzuekin bat datozela uste dugu: elkartasunean, tolerantzian eta askatasunean oinarritutako baloreak eraikitzearekin.

Hauexek izango dira lan taldeen laguntzarekin burutuko diren atari ekintzak:
  • Bidaia bat, adibidez liburuaren aurkezpenean, ikasle batzuk Arrasateko Elkar liburu-dendara, Bilboko Euskadi Irratira edo Donostiako Argia astekarira egin zituztenak bezalakoak. (Hala ere, bidaiak bestelako izaera eduki dezake: landa lana, dokumentalismoa, e. a.)
  • Elkarrizketa bat, adibidez GAIN taldeko Txente Rekondo eta Izaro Sánchez ikasleak Ura: beharra ala eskubidea? sarrera idazteko izan zuten bezalakoa. Edo Duina plataformako Aner Petralanda eta Enara Altunak Etxebizitza: guztion eskubidea ala batzuen negozioa? sarrerarako.
  • Film bat, esaterako Jose Luis Guerinen “En construcción” (2004), Hiria: beldurra hirigile sarrerarako Ander Ceciagak ikusi zuen bezala. Edo Ibane Irazabalek Tote Trenasen “El ocaso del terrorismo en Europa" (ETB2, Tercer Milenio, 1995), Terrorismoa bere artikulua idazteko.
  • Hitzaldi bat. Arestian aipatu bezala, sei hitzaldi prestatuko dituzte sei ikaslek, ikastetxean euren gaiei buruzko mahai-inguru bana antolatzeko. Adibidez, Eneritz Prieto eta Ander Aranzabal ikasleek Diskriminazioa eta inmigrazioa eta Arrazakeria: iruzkin solte batzuk beren gaietatik antolatu eta Donostiako Caritaseko Abdoulaye Gueyek institutuko zehar-lerroen laborategian (Mundilab) “Arrazakeria, diskriminazioa eta legea” izenburuarekin emandakoa bezalakoa. Edo Maite Isasa ikasleak Eutanasia bere gaia prestatzeko moderatu eta DMD-DHE elkarteko Koldo Etxabek “Eutanasia” izenburuarekin emandakoa.
  • Liburu bat, alegia Mertxe Kortaren “Emakumeak eta feminismoa mendebaldean” (1999), Tratu txarrak: erasotu ninduenetik sarrerarako Jone Arriolabengoak irakurri zuen bezala. Edo Efren Apariciok Oriol Martí Casasen "Todo lo que quisiste saber sobre la dependencia a las drogas y nunca te atreviste a preguntar” (1997) liburua, Drogak sarrerarako.

PROIEKTU GARAPENA: 1

Etik@aren harian: hiztegia_2 argitarapena bloghiztegi erara eraikiko da. Aspaldion, oso entzunak dira bitakora, blognobela edo wikinobela izeneko nomenkatura berriak eta, dagoeneko, literatur esperientzia batzuk ezagunak dira sarean ("Web 2.0, una revolución literaria", Público egunkaria, Kultura saila, 2007ko urriaren 16a). Gure proposamena hauxe da: iritzia, azalpena eta argudioa lantzeko artikulu edo sarrerak hiztegi baten egitura izango duen blog tematiko batean argitaratzea.

Bloghiztegia eta ikasleen bitakorak:
Horrez gain, Etik@ren harian bloghiztegia DBHko 4. eta Batxilergoko 1. kurtsoetako ikasleentzako
ardatz bitakora moduko tokia izango da; hau da, irakaslearen bitakora izango da, ikasleekin harremanetan jarri eta hiztegi-lanaren kudeaketa egiteko. Bestalde, ikasleek ere bitakora edo blog pertsonala izango dute, eta bertan agertuko dira argitaratuta, eraikitze-aldi edo fase ezberdinetan daudela, haien lanak, ikasturtean suertatu zaizkien gaien ingurukoak. Ikusi eta irakurri ahal izango dira, hortaz, artikulua egituratu eta idazteko urrats guztiak, eta bitakoran artxibatu egingo dira lan-prozesuaren erakusgarri. Egitasmo horren eraginkortasun eta birtualtasuna honetan datza, hain zuzen, komunikazio-tresna hauek ahalbidetzen dituzten dinamika eta artxibo, elkarrizketa eta kooperazio etengabean.

Ikasleen eta taldeen lan kooperatiboa izango da beste helburuetako bat. C
arles Monereo eta David Duranek "Entramados. Métodos de aprendizaje cooperativo y colaborativo" liburuan dioten legez, es preciso que los centros educativos pasen de una estructura competitiva-individual a una nueva estructura de alto rendimiento basada en el trabajo cooperativo. En un futuro cercano, los profesores, en equipos cooperativos, tendrán que trabajar en escuelas organizadas sobre el principio de innovación y dirigidas a la resolución de problemas. En estos escenarios (...), las nuevas tecnologías y el aprendizaje cooperativo van de la mano (...), plantean un futuro en el que las aulas sean concebidas como entornos de aprendizaje con tecnologías avanzadas y en el que el profesorado y el alumnado actúen como una comunidad de aprendices.
Ikuspegi horri jarraiki pentsatu dugu gure proiektua. Horretara, lan kooperatiboaren metodologia planteatuko zaie ikasleei; Etik@ren harian: hiztegi bateko testuen irakurketa edo bloghiztegirako sarrera berrien prestaketa zein emaitzen kritikak, maiz taldean egingo dira. Horretarako, irakurle mahaiak eta idazle mahaiak antolatuko ditugu gelan, ikasleek plano-kontraplano erako harremanak izateko eta euren lana kontrastatzeko (erregulatu eta autoerregulatzeko) aukera izan dezaten.

Bitakoraren itxuraketa eta diseinua, sareko loturak, helbide interesgarriak eta abarrekoak (blogeko lagunak, gonbidatu edo bisitariak) ikaslearen ardura izango diren arren, lehentasunezko gonbidatuak norbere lan taldekoak izango dira, haiei baitagozkie -ebaluatuko den neurrian- laguntza ematea, irakurri eta jardun kritikoa egitea. Tresna pertsonal horren diseinurako, Plastika eta Ikus Hezkuntzako irakaslearen laguntza eta balorazioa izango dute. Bere iritzia batezbesteko notarako
hartuko da kontuan.