Hiztegiaren eraikitze-aldiak:
Ikasturte osoan zehar.
Gure dinamikak bost (5) atari edo sarbide berezi izango ditu. Hiztegiko gaietan sakontzearekin batera, gizarte eta kultur errealitatea bertatik ezagutzea da ekintza hauen helburua, eskolaz kanpoko munduaren konplexutasunaz jabetzeko ahalegina, alegia. Gaiekin zerikusia izango duten bost ekintza izango dira, ikasle guztiek aurrera eramango dutenak: bidaia bat egitea, elkarrizketa bat lantzea, film bat ikustea, hitzaldi bat antolatzea eta liburu bat irakurtzea.
Froga hauek beharrezkoak izango dira hiztegi birtualaren eraikipenean eta kontuan hartuko dira hiztegi-sarreren kalitatea ebaluatzeko orduan. Era honetan, gai hauexetatik abiatuta, ekintza eta eztabaida publikoan inplikatuta dauden gizarte mugimendu eta eragileekin harremanetan jartzeko aukera egongo da. Gizarte zibileko plataforma, behatoki, pentsalari edo profesional hauek, euren iritzia emateaz gain, sarritan euren bizitza osoa itxuratu eta egituratu duten gaiekiko atxikitasunaren berri emango diete ikasleei, hitz gutxitan esateko, euren bizi esperientzia eta jakituriarena.
Honelako harremanak eragin nabarmenekoak ditugu, gogorapen ezabaezina uzten duten izaerakoak. Alde batetik, ikasle eta irakasle artekoa ikaskuntza komunitate baten barruan bilakatzen da. Gela esparru bat da, baina ez bakarra, eskolatze tradizionalean bezala. IKTen bidezko ikaslearen autokudeaketa eta eskolaz kanpo izandako bizipenen kontakizun eta transmisioak, eztabaida eta trukaketak, eduki eta lan tekniken aurreko saiakerak, gertakizun hauek guztiek heldutasun-eredu berrian hezteko aukera ematen dute ikastetxean, eta, aldi berean, kultur eta gizarte ekintzen prestaketan esperientzia jasotzekoa ere.
Beste alde batetik, eskolatik gizartera egindako murgilketak jakingaiak eta arazoak gertuago sentitzeko bide gerta daitezke. Neurri batean, J. Woodek pedagogiara ekarritako kontzeptua, sinesgarritasuna, gauzatu nahi da jarduera hauen bitartez. Hau da, eskolako proiektuak eta kanpoan, gizarte zabalean, egiten diren egitasmoak eta eztabaida publikoak elkarrekin jarri. Santi Ugartek, Etik@ren harian: hiztegi bat liburu aurrekarian esaten zuen legez, etika bera da gaia. Beste testuinguruetan etikaren printzipio abstraktuaz aritzea antzua bada, areago eredu magistral zurrunean eroriz gero. Arazo etiko edo moralak gizartearen baitan ematen dira eta gizarte barruan ere ematen dira jarrerak eta sinesmen etikoak edo moralak. Gizarte ikuspuntu honetatik abiatuko dira ikasleen hausnarketak, lainoetan ibili barik. Proiektu honek bideratu nahi dituen hausnarketak hezkuntzaren helburu nagusietako batzuekin bat datozela uste dugu: elkartasunean, tolerantzian eta askatasunean oinarritutako baloreak eraikitzearekin.
Hauexek izango dira lan taldeen laguntzarekin burutuko diren atari ekintzak:
- Bidaia bat, adibidez liburuaren aurkezpenean, ikasle batzuk Arrasateko Elkar liburu-dendara, Bilboko Euskadi Irratira edo Donostiako Argia astekarira egin zituztenak bezalakoak. (Hala ere, bidaiak bestelako izaera eduki dezake: landa lana, dokumentalismoa, e. a.)
- Elkarrizketa bat, adibidez GAIN taldeko Txente Rekondo eta Izaro Sánchez ikasleak Ura: beharra ala eskubidea? sarrera idazteko izan zuten bezalakoa. Edo Duina plataformako Aner Petralanda eta Enara Altunak Etxebizitza: guztion eskubidea ala batzuen negozioa? sarrerarako.
- Film bat, esaterako Jose Luis Guerinen “En construcción” (2004), Hiria: beldurra hirigile sarrerarako Ander Ceciagak ikusi zuen bezala. Edo Ibane Irazabalek Tote Trenasen “El ocaso del terrorismo en Europa" (ETB2, Tercer Milenio, 1995), Terrorismoa bere artikulua idazteko.
- Hitzaldi bat. Arestian aipatu bezala, sei hitzaldi prestatuko dituzte sei ikaslek, ikastetxean euren gaiei buruzko mahai-inguru bana antolatzeko. Adibidez, Eneritz Prieto eta Ander Aranzabal ikasleek Diskriminazioa eta inmigrazioa eta Arrazakeria: iruzkin solte batzuk beren gaietatik antolatu eta Donostiako Caritaseko Abdoulaye Gueyek institutuko zehar-lerroen laborategian (Mundilab) “Arrazakeria, diskriminazioa eta legea” izenburuarekin emandakoa bezalakoa. Edo Maite Isasa ikasleak Eutanasia bere gaia prestatzeko moderatu eta DMD-DHE elkarteko Koldo Etxabek “Eutanasia” izenburuarekin emandakoa.
- Liburu bat, alegia Mertxe Kortaren “Emakumeak eta feminismoa mendebaldean” (1999), Tratu txarrak: erasotu ninduenetik sarrerarako Jone Arriolabengoak irakurri zuen bezala. Edo Efren Apariciok Oriol Martí Casasen "Todo lo que quisiste saber sobre la dependencia a las drogas y nunca te atreviste a preguntar” (1997) liburua, Drogak sarrerarako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario