Lehen hiruhilekoa.
1. Kurtso hasieratik hiruhileko honen amaiera arte, "Etik@ren harian: hiztegi bat" liburuko sarrerak lantzeko irakurle taldeak osatuko dira gelan. Irakurle mahaiak izango dira. Helburua: testuen ulermena lantzea. Talde bakoitzean lau ikasle egongo dira eta beste hainbeste gai aztertuko dituzte hiztegitik. Erabiliko duten lan teknika elkarrekiko ikaskuntza deitutakoa izango da. Mahaikide bakoitzak, txandaka, paper edo funtzio ezberdina beteko du irakurketa-ariketa saioetan: testua irakurri eta laburtu, galderak asmatu, erantzunak eman eta testuaren jarraipena
aurreikusi. Hiruhilekoaren amaieran, ikasleak taldean ikusitako gai bati edo besteri buruzko froga egingo du, eta prozedurazko beste bat, irakasleak aukeratutako beste testu baten inguruan: laburpena eta egituraren azalpena. Hiruhileko honen amaieran, blogean lantzeko gaien hautapena egingo da. Eta hiztegiko sarrerak idaztea den aplikazio lanerako, hiruko (3) ikasle taldeak iruditzen zaizkigu egokienak.2. Talde kooperatibo batek ikasleen ezaugarri berariazkoak kontuan izan behar ditu (partaideen arteko heterogeneotasuna sortzaile edo eraikitzaile izatekotan). Baina kurtso hasieran ikasleak ezagutzen ez ditugunez, beraien arteko harremanak onartzera mugatuko gara, taldeen genero aniztasuna zainduz bakarrik.
3. Hiztegia idaztearen proposamena azaldu ostean, taldeak osatuko dira. Hiru ikaskidetako talde horiei idazle mahaiak deituko diegu. Gaien hautapena egin eta ikasleek gai banaren gainean hasierako eskema burutuko dute, ideia jasa erako ariketa eginez. Lan horretan elkarreragina bultzatuko da, idazle mahaietako ikaskideek elkarri lagundu diezaioten. Ondoren, gaia aukeratzeko arrazoien azalpena eta lehenbiziko erredakzioa egingo du ikasleak, bakarka.
4. Informazio bilketa hedabideetan, sarean eta liburutegian egingo da. Irakurketa eta azterketa aldia, beraz. Horretarako, ardatz bitakora honek esteka ezberdinez lagunduko du ikasleen lana, proposamenak eginez, eta bertan ematen dituen zerbitzuak ezagutu eta haien erabilpenaz jabetzeko abagune eman ere. Itzulpena ere proiektu honen beste helburu bat da, hizkuntzen arteko harreman eta korrespondentziaz gain, gaien ulermenean sakontze urratsak ahalbidetzen dituelako: bi hizkuntza lantzearekin batera, gaiaren sakontzea.
Bigarren hiruhilekoa.
5. Hiruhileko honetan, hitzaldiak antolatuko dira. Adostu egingo da artikuluak izango duen egitura eta argudio testu erara planteatu: testu planifikazioa,
argudiatzearen egituraketa eta idazketa, eta gaien inplikazioak landuko dira, eztabaida etiko zein moralaren ikuspegitik ("La escritura en la enseñanza secundaria", Grao, 2006).Ikasleen artikuluak irakurle taldeetan behin eta berriro landu duten egituran oinarrituko dira. Eskema hori hiztegiko zenbait sarreren azterketa egin ostean burutu eta adostu ahal izango dugu. Eskema landu eta artikulua idaztea ordenagailu bidez egingo da (gela digitalean ahal bada).
6. Argudio testuaren egitura erabiliz, lehenengo ekarpena hiruhileko honen amaiera aldera aurkeztuko da. Irakaslea taldekideekin bildu eta testuak lankidetzan irakurtzea eta behar dituzten aldaketak egitea proposatuko du. Zenbait gairen bilakaeran, ikasleek kanpotik etorritako aditu edo eragileen laguntza izango dute.
Hirugarren hiruhilekoa.
7. Artikuluei bukaera emango zaie eta azken ukitua. Irudien bilaketa eta hautaketa (sarreran txertatzeko) egiteaz bat, biblio-filmografia bilduko du ikasle bakoitzak (erabilitako iturrien identifikazioa) eta, azkenik, sarrerak ebaluatu egingo dira (azken ebaluazioa).
Lanaren ebaluazioa. Ebaluazio hezitzaile eta osatzailea:
Hiru unetan egingo da, baina etengabe erakoa izango da prozesuaren bilakaeran. Arestian esana dugun bezala, hiru hiruhilekoetan ikasleek burutua dutena aurkeztuko dute; eta hiruko talde kooperatiboa bilduta, bitakoran gordeta dauden lanaren pauso guztiak eta hiztegi-sarreraren behin betiko bertsioa erakutsi:
1. Hiru ekarpen idatzi erakutsi beharko dute ikasleek. Artikuluez gain, lan prozedura egokiaz baliatzea (karpetak, fitxak, irudiak, eskemak…) ebaluatuko da talde kooperatibo bakoitzean. Gainera, lanaren ahozko defentsa bat egingo dute talde txikian. Taldekideen artean izandako harremana eta lanean elkarren artean izandako eragina (zuzenketak, kritikak…) ere baloratuko da.
2. Azken ekarpenaren ebaluazioa argudio testua zuzentzeko tresnaren arabera egingo da (ikasleak une orotan izango du tresna horren berri, hor baitaude adierazita minimoak). Ebaluazioan, lanaren koherentzia eta egituraren ingurukoak aztertuko dira, arau ortografikoak eta txukuntasuna. Sarrera ebaluatzeaz gain, kurtso osoan zeharreko ekintza edo sarbide bereziak baloratuko dira: bost atari izenekoak. Ebaluaziorako, ikasleek blogean itsatsita aurkeztu beharko dituzte: bidaia baten narrazioa, elkarrizketa baten podcasta, film baten azterketa eta iruzkina eta liburu baten koadro sinoptikoa eta iruzkina (kurtso hasieratik ezagutuko dituzte testuera ezberdinak gauzatzeko tresnak). Talde batzuetan, bideo baten editapena aurkeztu beharko dute (hain zuzen, egin diren elkarrizketen zatiez osatua).
3. Azkenik, talde kooperatiboek ikaskideen aurrean egingo dute lanaren ahozko defentsa. Taldekideek elkarri eta irakasleari egindakoez gain, oraingoan gelako ikasleriaren aurrean azalduko dituzte euren lanaren emaitzak: esperientzia mota, sarreraren ideia nagusiak, erabilitako bibliografia, norbere ikuspegiaren aldaketa, etab.